Gaztetxea desalojo arriskuan dagoela ohartarazi dute Inprimatu
2009/09/20

Makala Gaztexea desalojo arriskuan dagoela jakinarazi du Barakaldoko Gazte Asanblada k. Arrisku hau PSOE eta PPren erabaki politikoa dela salatu dute. Hala ere, ez direla "euren joko zikinetan eroriko" adierazi dute eta Makala Gaztetxea eskura dituzten "bitarteko guztiekin" defendatuko dutela gaineratu dute. Asteburuan zehar, eraso berri honen gaineko kartelez betea azaldu dira Barakaldoko kaleak baina gaur goizerako "Udal zentsura brigadek" beraien lana ederki egina zuten.


Barakaldoko Gazte Asanbladaren oharra:

"Barakaldo debe ser el municipio más abierto de Euskadi para los que quieran construir, pero totalmente hostil para este tipo de gente que busca la destrucción y el empobrecimiento de nuestra tierra". Hauexek izan ziren Barakaldoko PPko Amaya Fernandezen hitzak, 2008ko maiatzaren 6an Ertzaintzak Gazte Asanbladako 3 kide bahitu eta Makala gaztetxea (kale borroka ekintzen laborategitzat jo zuena) legez kanpo zigilatu zuenean. Eta, egia esan, ia erabat ados gaude bere adierazpenekin. Desberdintasun bakarra zera da, Euskadiko Gazte Mugimenduko elkarteekin lan egiteaz gain, Euskal Herri osokoekin egiten dugula. Bestela, guk ere uste dugu zorrotz jokatu beharra dagoela gure herria suntsitu eta bere kontura aberastu nahi dutenekin. Galdera da, nor da nor?

Makala Gaztetxea, 2007ko iraialaren 27an, Barakaldoko gazteon eskura jarri zenetik (ordura arte, urteak zeramatzan hutsik, zikin eta inolako erabilerarik gabe) hamaika izan dira berau kudeatzen duen Gazte Asanbladaren eskutik Barakaldoko herriari eskaini dizkion aukerak. Lehena eta oinarrizkoena, gazteok inolako kanpo injerentziarik gabe, modu parte-hartzaile eta autogestionatuan kudeatutako eremu askea izatea da, beronen bitartez gure beharrizan eta eziegonei aurre egin ahal izateko. Oinarri-oinarrizko printzipio horretaz gain, honakoak izan dira bi urteko ibilbideak emandakoak: tailerrak (musika, komikiak, malabarismoa, antzerkia, dantza...), bideo-forumak, hitzaldiak (nazioartea, feminismoa, ama lurraren defentsa...), bertso-afariak, herri-bazkariak, jolasak, eztabaidak, aberasteko asmorik gabeko txapelketa parte hartzaileak (futbitoa, musa...), euskararen aldeko ekimenak... zerrenda amaigabea osatu arte.

PP-PSOEREN ERABAKI POLITIKOA

Zein da Barakaldoko gazte guztion topagune aske den gaztetxea paretik kentzeko erabili nahi duten bidea? Bada, okupazio aferetan prozedurarik arruntena izan ohi den zigor arlotik bideratu beharrean (epaitegitik zuzentzen den prozedura juridikoa), Barakaldoko udal agintari eta kolaboratzaile faxistek (hain ezagun bihurtzen ari zaigun PSOE-PP bikotea) bide administratiboa baliatu nahi dute, alkatearen dekretu baten bitartez gu kanporatzeko. Bide administratibo honen oinarria lizentziarik ez izatea da, besteak beste, baimenik gabeko barra eta sukaldea izatea, konponketa lanak ikuskatzaile gabe egin izana eta beste hamaika aitzakia formal. Horretaz gain, bizilagunei ustez eragiten dizkiegun molestiak ere baliatzen dituzte.

HONEN AURREAN:

Hasteko, jakinarazi nahi dugu Gaztetxeak bizilagunekin duen harremana ona izan dela lokala okupatu zen egunetik bertatik. Bigarrenik, garbi daukagu, mozorro formal eta administratiboa jantzi arren, erabaki politiko baten aurrean gaudela, alegia, gu kale gorrian uzteko dituzten arrazoiak ez direla argudiatutakoak, baizik eta egunez egun gaztetxeak sistema kapitalista zapaltzaile eta bidegabearen aurrean eskaintzen dituen aukera ugariak. Ez, udaleko jaun-andre faxistok, ez daukagu obrarik egiteko lizentziarik, ezta barra bat jarri eta sukaldean aritzekorik ere. Ez dugu zuen baimenik, besteak beste, ez dugulako zuen baimenik behar! Gu ez gara lonja, taberna, pub edo diskoteka bat. Gu, udaleko jaun-andre faxistok, gaztetxe bat gara, Euska Herri luze zabalean dauden beste askoren antzera lege, lizentzia eta araudi zentzugabe guztien gainetik, autogestioaz eta injerentziarik ezaz gorpuzten den gazte proiektu iraultzailea, gazteon eskutik gazteon eskura jartzen den tresna askea.

Beraz, udaleko jaun-andre faxistok, jakin ezazue ez garela zuen joko zikinean eroriko. Ez ditugu zuen legeak onartzen, ustelkeria maila guztiak gainditu eta herriaren kontura aberasten diren diruzaleengandik ez dugu inolako baimenik behar. Hau ez da lau hormaren kontra egiten den erasoa. Gazte konprometitu eta antolatuen zein bere proiektu iraultzailearen kontrako erasoa da. Ondorioz, Makala gaztetxea eskura ditugun bitarteko guztiekin defendatzeko prest gaude.

MAKALA GAZTETXEA, GAZTEONA ETA GAZTEONTZAT!
PP-PSOE FAXISTAK!
EZ ZARETE PASAKO!