|
Â
Barakaldoko jaietako Gazte egunean landatutako haziak fruituak emango ditu aurki. Barakaldoko Gazte Asanbladak, gazte independentistak eta Makauen konpartak abiatutako gazte aliantzaren bidean urrats berriak emango dituzte udalerriko gazteek hurrengo larunbatean. Urriaren 7an, egun osoan zehar, Barakaldoko Gorostiza parkean bilduko dira gazteak, osatutako diagnostikoa osatu, borobildu eta gabeziei alternatibak eskaintzeko asmoz. Garazi, Haritza eta Arkaitzekin bildu gara Barakaldoko gazteriaren erronken gainean haien iritziak bildu asmoz.
Hk: Garrantzia berezia eman diozue larunbat honetan buruko duzuen ekimenari. Zer dela eta? Ze asmoa duzue astebururako?
Garazi: Hasiera batean larunbatean Gazte Asanbladaren plangintzaren azalpena egiteko asmoa genuen. Gazte guztiak asanbladara gerturatzeko gonbitea luzatu nahi genien. Edozein kasutan, aldaketa batzuk egon dira forman eta edukietan. Goizean, Barakaldoko "Gazte egunean", gazte eragileen aliantzari esker sortutako diagnostikoa aurkeztu eta osatzeko tartea hartuko dugu. Landu ziren gai guztien diagnostikoa osatuko dugu danon artean. Atsaldean berriz, Barakaldoko Gazte Asanbladaren aurkezpena egingo dugu eta plangintza taxutu dugu. Dana jolasak tartekatuz.
Haritza: Hainbat urtetan zehar herriko gazte eragileak sakabanatuak egon dira. Gazte aliantzak, gaztiaren eskubideen aldeko urratsak batera ematea baimendu digu eta hor kokatzen dugu diagnostiko hau. Gazteok Barakaldon pairatzen ditugun gabeziak bildu nahi izan ditugu danon indarrez egoera aldatu ahal izateko. Elkarlan honen lehengo harritxoa Barakaldoko jaietan jarri genuen, hemendik aurrera emaitzak ikusiko ditugu.
Hk: Ze nolako ondorioak atera ahal dituzue diagnostiko horretatik? Barakaldoko gazteria eta gazte mugimenduak sasoi onean daudela esan dezakegu?
Haritza: Gazteriak potentzialitate izugarria dauka. Gazte egunean izugarrizko sorpresa hartu genuen. Bapatean adin tarte askotako neska eta mutil koadrila ugarirekin egin genuen topo jaietako bilgune hartan. Abian dira Barakaldoko gazte belaunaldi berriak, zalantzarik ez dugu.
Garazi: Azken finean gazteak pasibotasunetik aldentzen direla ikusi genuen. Kritikotasuna jorratzen dute, badakite zeintzuk diren Barakaldoko arazoak,... 150 lagun bildu ginen lenehengo baterajotzean. Esan bezala kriston sorpresa hartu genuen!
Arkaitz: Espero baino askoz gazte gehiago bildu ziren gazte mugimenduko hiru eragileek luzatutako deialdira. Hortik sortu zaigu Gazte Asanbladaren plangintza herriko gazte guztiekin batera egitearen beharra, era partehartzailean.
Hk: Potentzialitateari buruz mintzatu zarete baina badira bestetik zuen jarduera baldintzatzeko asmoarekin bidean topatu dituzuen harri potoloak ezta?
Arkaitz: Badakigu potereak gazteria geratzeko bitarteko errepresibo guztiak jarriko dituela indarrean. Hori da gauzak txukun egiten ari garen erakusle bizia. Guk aurrera jarraitzeko erabakia hartua daukagu. Errepresioa bere larruetan pairatu duten gure kideei elkartasun osoa helerazi nahi diegu. Gogoratu nahi dut azken asteetan Barakaldoko sei gaztek eraso errepresiboak pairatu izan dituztela horregatik gazte guztiak deitu nahi ditugu, ostiralean gazteriaren eskubideeen aldeko manifestazioan parte hartzen. Bide Oneran atsaldeko 20.00etan ikusiko dugu elkar.
Hk: Une hontan Barakaldon ez dugu gaztetxerik, bata bestearen atzetik ixten joan dira.
Garazi: Argi dago Barakaldoko gazteok gaztetxearen beharra dugula. Biltzeko, aisialdi alternatiboa eskeintzeko, kontsumismoari aurre egiteko, ...Egon egongo da! Denborarekin Barakaldoko gaztetxe berria ikusiko dugu, ez izan zalantzarik!
Arkaitz: Espazio aske bat behar dugu gure ametsak eta gure jendarte eredu berria gauzatu ahal izateko. Horregatik desalojatzen dituzte gaztetxeak, ikusten dutelako bestelako errealitatea posiblea dela eta gaztetxeetan egi bihurtzen dela.
Garazi: Kukutzarekin eredu garbia izan dugu azken asteetan. Kukutza ametsen fabrika zen. Errepresioarekin kontrolatuta ez duten egitasmo oro zapaldu nahi dute.
Arkaitz: Azkenik zailtasun guztien gainetik, deialdi bat luzatu nahi diegu Barakaldoko gazte guztiei. Alternatibak badira, guk geuk eraiki ditzakegu alternatibak. Pasaden astean Kukutza bota zuten baina aste berean gaztetxe berri bat zabaldu zen Donostiako Alde zaharrean. Mundu zabalean eta Euskal Herriko toki askotan alternatibak eraiki ahal direla ikusten ari gara egunero. Gazteak etorkizuna gara... Segi aurrera!  Â
|