Errepresioaren gainetik, Ezkerraldeko gazte independentistek "urrezko botoa" eskatu dute Inprimatu
2009/02/20

Gaur goizean Barakaldoko gaztetxean emandako prentsaurreko baten bidez Ezkerraldeko Gazte Independentistek
Barakaldoko 5 gazte Espainiako Audientzia Nazionalean deklaratzen ari direla eta, operazio honen atzean "PSOEk PNVren laguntzaz oso ondo diseinatuta duen ezker abertzalea desagertarazteko estrategia" salatu dute.
Ezkerraldeko eta Euskal Herriko gazteria osoari borrokarako deia luzatzeaz gain Euskal Herrian aldaketaren aldeko indarrak biltzen jarraituko dutela adierazi dute.  Zentzu honetan datozen hauteskundeetan hautestontziak "benetako aldaketa politiko bat ekarriko duen aurrera begirako milaka bozkez" betetzeko deia luzatzen amaiera eman diote ageraldiari.
Hementxe duzue prentsaurrekoaren audioa osorik:
alt=""
Deskargatu: gazteak090220.mp3
Gazteek prentsaurrekoan irakurritako testua:

Gaur, momentu honetan, Barakaldoko 5 gazte audientzia nazionalean deklaratzen ari dira. 2008ko maiatzean atxilotu zituzten 7gaztetatik 5ek audientzian deklaratzen ari dira. Aste honetan jasotako inputazioaren arabera, bost horietatik lauri kale erasoak egozten dizkiete (haien artean biri, kolaborazio delitua ere) eta bosgarren gazteari talde terroristaren kide izatea, Segiko kidea izatea, alegia.

Gogora ditzagun orain urtebete gertatutakoak. 2008ko maiatzaren 6an, PNV-ren beso armatuak, zipayoek, Barakaldon 5 lagun atxilotu eta beste hainbat etxe miatu zituen, 2 lagun espetxeratuak izan ziren. Uztailean barakaldoko beste 2 gaztek Oarsoaldeko gazteekin batera agerraldi publikoa egin, eta atxilotu eta espetxeratuak izan ziren.

PNVren poliziak atxilotu egiten gaitu, eta PSOEk espetxeratu eta zenbaterainoko terroristak garen erabaki. Gazteak izateagatik, kriminalizatu, epaitu, torturatu eta terrorista izendatzen gaituzte. Orain urtebete gertatutako atxiloketak PSOEk PNVren laguntzaz oso ondo diseinatuta duen estrategiaren baitan kokatutako gertakariak izan ziren. PSOEk ezker abertzalea eszenatoki politikotik desagerrarazi nahi du eta horretarako herri honetako sektore konprometituena den euskal gazteri independentista anikilatzen saiatzen ari da, herri honen borrokarako indarraren eta konpromisoaren adierazlea den gazteria.

Gure eskualdeko gazteak bahitu zenituzten, jarraitzen gaituzue, mehatxatu eta kolpatu baina ez al zarete konturatu hemen jarraitzen dugula? Egunotan bizi dugun salbuespen egoeraren adierazle nabarmenenak ezagutzen ari gara, ezker abertzalearekin bukatzeko edozer egin nahi duzue, hori ezinezkoa dela konturatu ez zareten arren. Egunotan ia egunero identifikatuak eta kolpatuak izaten ari gara zuen medioetan agertzen ez den arren. Baina argi eduki egunero egoten jarraituko dugula.

Badakigu urduri zaudetela, Euskal Herrian aldaketa politikorako ateak zabalik daude eta horrek urduritzen zaitue. Aldaketa horri eta independentziari ateak izteko estrategia errepresiboa diseinatu eta gauzatzen ari zarete. Baina historiak argi erakutsi digunez, 30 urte luze hauetan borrokaren bitartez independentziaren aldarria Euskal Herri zabalean zabaldu eta errotu da. Errepresioaren bitartez, herri honen etorkizunaren berme den erregaia itzaltzen saiatu zarete. Baina, gu, gaur eta hemen, lortu ez duzuenaren testigu garbia gara.

30 urte beranduago, historiaren irakaspenei muzin eginez, orduko “txapuza” berdina egiteko tentazioa daukate batzuek. Konstituzioa zalantzan jarri gabe, burgesia eta klase interesak arriskuan ez jartzeko, bigarren ziklo autonomista irekitzeko apostua egiten ari dira. Dagoeneko Nafarrian egin dute, PSOE eta UPN-ren arteko akordioa, markoa blindatu ahal izateko. Eta orain, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan egin nahi dute, baina oraingoan PSOE eta PNV-ren eskutik.

Gazteok iruzurraren jabe gara, eta aurrera begira aldaketaren aldeko indarrak biltzen jarraituko dugu, modu aske eta demokratiko batean gure etorkizuna erabakitzeko. Independentzia eta sozialismoa gaurdanik eraiki behar ditugu, langile eta herri sektoreekin eskuz esku, eta gaur arte bezala, antolakuntza eta borrokaz, etsaiari gerra eginez! Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta poltronero, gezurti kuadrilek osaturiko hedabide intoxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak...

Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!

Lotu gaitezen, beraz, independentziara. Bide horretan, ezinbestekoa izango da martxoaren 1eko hauteskundeetan independentziaren alde kalera irtetea; ezinbestekoa izango da gazteok independentziaren aldeko bozka ematea. Hautestontziak aurrera begirako milaka bozkez betetzera goaz. Benetako aldaketa politiko baten alde, martxoaren 1ean, lotu independentziara!      

GORA EUSKAL GAZTERIA!
Ezkerraldeko Gazte Independentistak