Publizitatea
Bannerra
Bertso festak urteko gaurik hotzena berotu zueneko kronika PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2011/02/11

Bai, bai, badakigu. Bi aste baino gehiago igaro direla. Berandu gabiltzala. Hau da hau bizitza petrala! Eskerrak noizean behin, tarteka, mementuak patxadaz dastatzeko aukera daukagula. Badakizue... lagunartean, atsegin; mahai gainean, zer jan eta zer edan. Eta, zer iruditzen ere bertso batzuetaz gozatzea? Ederra plana, ezta? Ziurenik, horixe ere uste zuten, hilaren 21ean, Barakaldoko San Bizenteko jaietako bertso afarian parte hartu zuten euskaltzale guztiek. Getaria jatetxean lotuak ziren, gaueko hamarretan. Baina afari-aurreko ezinbesteko poteoa ia bi ordu lehenago hasi zela ziurtatu ziguten gure iturriek. Ulergarria, jakina. Afari batetik bestera, urte oso bat. Eta, bitartean, bertsozaleak hor, goseak jota. Bertso gose. Ederto asetu zena... baina aitzinatu gara. Helduko dira, bada, bertsoak. Zorrotzak, gosoak, dibertigarriak, larriak, barregarriak... Baina, oraintxe, poteoan gaude. Edo zeuden. Haiekin batu gura?

Lehenengo tragoa Bagatza auzoan izan zen. Hantxe elkartu ziren Hasi Bertso Eskolakoak, gonbidatu bi bertsolariekin: Iratxe Ibarra eta Fredi Paia. Denak ondo ezagutzen zute elkar, txapelketaren batean topo eginda, edota beste hainbat afaritan. Ez da oso handia Euskal Herria, are gutxiago bertsolarien mundua. Baina, gainera, Ibarra eta Paia Barakaldon egondakoak dira. Ibarra, Hasi Bertso Eskolako irakaslea izateaz gain, aurreko asteburuan ere San Bizenten egon zen, bertso runbaz blai. Getxoztarra, berriz, Bagatzako jaietan askotan izandakoa da. “San Bizenteko jaietako bertso afarian ere izan nintzen, duela
zortziren bat urte”, gogoratu zuen Paiak, kopa bete ardo eskuan zuela. Txosnak izan ziren auzoko lehenengo geralekua. Ostean, tabernak. Bertan elkartu ziren, hain zuzen ere, jaio berria den Trapagarango Bertso Eskolako kideak, eta Zallako bertso eskolakoak. Aspaldian ilundu zen, eta kalean hotz itzela zen. Neguko gaurik hotzena zioten adituek. Hala ere, bertsozaleek bihotza bero zeukaten, alaitsua, bertsotaz noiz asetuko zain. Eta, tabernaren barruko epeltasuna aldenduz, kalean bildu ziren. Taldeka ari ziren, etenbarik berbetan. Eta euskarazko hitzak auzoaren zehar zabaldu bitartean, galdera bat burura: Etorkizuneko Barakaldoaren islada ote?

Musika entzuteko parada ere izan zuten bertsozaleek. Paiak trikia errez jotzen zuen eta, bere ondoan, Algortako Bertsolari Eskolako kide Katxok lagundua panderoari doinuak atera zizkien. Ordurako, Barakaldoko Aek-ko goi mailako ikasleak bertaratuak ziren, Esti eta Errapel euren irakasleak lagunduta. Herriko hainbat bertsozale ere hantxe ziren. Batek baino gehiagok, BEC-ko Bizkaiko Bertso txapelketaren finala zuten berbabide, akaso ordundik ez zirelako elkar ikusten.

Konturatu barik heldu zen afaltzera sartzeko mementua. Getaria jatetxeko goiko soilaruan dena zegoen prest. Menua, goxo-goxoa. Zainzuriak, kroketak, entsalada, eta txuleta, piper eta patata frijituekin. Bertsoen gosea ahaztuta ez egon arren, beste gose mota zen orduan nagusi bertsozaleengan. Baten batek HerriKolorek egindako argazkietan ateratzeko astirik ere ez zuen izan. Zainzuriak amaituko zirenen beldur, akaso?

Postretara heldu, eta, orduan hasi ziren Aek-koak abesten “Suave, suave” abestia. Zallako gure Joni eta Barakaldoko Nuriari, baina, ez omen zien bertso afariaenbarazurik egin, bertsotan hasi baitziren biak, eskuz esku. “Barrocalek badauka bertsoa/ izanez eta izenez”, bota zuen Jonek, iazko Enkarterriko txapeldunari aipamena eginez. Bitartean, akaso euskaltegikoekin elkarlehian egin guran, Paiak eta bere bertso-
lagun Katxok abesten hasi ziren. “Debajo de un cocotero, había un negro meando...”. Hura bai estilo anitza!

Azkenik, mikrofonoa atera eta bertsotan hasi ziren. Argazki makinak dio ordurako goizeko ordu bata zela. Baina jakina da makinak ez direla batere fidagarriak. Olatz Sánchez, herriKoloreko kidea, aritu zen gaijartzaile. Paiak hartu zuen lehenengo txanda, agian afarian abestu eta entzundako musikak bultzatuta. “Gaur San Bizente euskaldun da ta/ duela 20 bat urte/ baina jarraitzen dugu izaten/ Cameron ta Lola Flores”. Txalo eta barren artean aurrera egin zuen gauak. Barakaldon sortu berria den Kilika bertso eskola izan zen gaueko lehenengo gaia. Bertan irakasle izateko euren burua aurkeztu zuten Ibarrak eta Paiak. Ostean, krisia izan zuten mintzagai. Bertso gordiñak horiek. Baita zorrotzak ere.

Baina farre egiteko mementuak ere izan ziren, jakina. Horra hor getxoztarra eserlekutik altxatu eta, mikrofonoa utzi barik, eskaileretatik behera joan zela, komunean sartu, eta, handik, entzunlego guztiari eskuetan mikro bi zituela azaldu zien. Ibarra, baina, ez zen atzean geratu, eta erantzuna prest izan zuen. Gelako punta batean, bere irakasleen txaloak eta ohiuak indartsuenak ziren.

Komunetatik bueltatu orduko, zutik gelditzea nahiago izan zuen Paiak. Han ibili zen, burusoilen heliportuen bila. Bertsolari biek bertso bina botatzen, afariaren azken txanpan euren onena eskaintzen. Eta agurtzeko unea heldu zen, hainbat ausarta parranda txosnetan jarraitu bazuten ere. Baina hori beste kronika batentzako historioa litzateke.

Hementxe ere geure onena eman guran genbiltza geu, zuei gau horretako bertsorik onenak eskaini asmoz. Azkenean, ezin izan dugu. Hurrengo bertso afari batentzako laga beharko. Horren ordez, eta irakurle guztiei aldez aurretik barkamena eskatuz, Urduliz aldera besarkada handi bat bidali gura genuke.

Hurrengo urtean, gehiago. Heldu orduko, berriz... plazan alkartuko gara!

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatz ezazu

laburra | luzea

busy
 
Loading..
Azaroa 2011 Abendua 2011 Urtarrila 2012
As As As Os Os La Ig
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31
Egun hauetan ez dago ekintza programaturik
Ikusi agenda osoa