|

Iaz, antzineko ohiturak oinarri hartuta, XXI. mendeari egokitutako inauteri herrikoia sortu zuten trapagarandarrek. Partehartze itzela lortu zuten, ehun lagun inguru aritu baitziren goizez, auzoz auzo; kalez kale arratsaldez. Larunbat honetan kalera aterako dira berriz, goizeko 10etan Zaballa auzoan, neguaren ostean, udaberria datorrela gogorarazteko. Egitarau interesgarria prestatu dute oraingoan, berrikuntza dexentekin. Iaz, HerriKolore bertan izan zen, bideokamera eskuan, prestakuntza lanez gain, eguna bera ere grabatzen. Lortutako irudiekin, hiru bideo prestatuko ditugu. Hona hemen lehena.
Aurtengo Carrascoliendas inauteria berrikuntzekin datorrela esan dugu lehen. Izan ere, antolatzaileentzat inauteria ez da estatikoa, irekia baizik. Unean uneko ideia, tendentzia eta egoerei egokitzen dena, hain zuzen ere. Hortaz, lehenbiziko aldiz Ortuellako Urioste auzoan arituko dira aurten. Izan ere, ohitura galdu zen azkenetariko lekua izan zen auzo hau. Bestalde, iaz ez bezala, larunbatean Ingo al deu Andoaingo taldearen eskutik, erromeria izango da herriko plazan. “Iaz kontzertua taberna batean antolatu genuen. Baina gure helburua Carrascoliendas inauteria benetazko alternatiba bilakatzea da, arlo guztietan. Horrexegatik, kontzertua kanpora, kalera, atera dugu, erromeria batekin”, azaldu digu Basetxe gaztetxeko Kimetzek. Gazteekin batera, Danatarako Danok euskal dantza taldea eta Trapagoniako Gerrilla bertso eskola ari dira ere buru-belarri autogestioan eta auzolanean oinarritutako inauteri herrikoi hau antolatzen.
Egun osoan zehar, Trapagarango inauteri dantzako koplak Carrascoliendasera egokitu egin dituen Dangiliske taldeak lagunduta arituko dira partehartzeileak, arropa zaharrak jantzita, aurpegia estalita, dantzan. Hala ere, Carrascoliendas-en parte hartzeko iaz asmatutako inauteri dantza jakitea ezinbestekoa ez dela nabarmendu du Kimetzek. “Elkarrekin egotea, harreman herrikoiak lantzea, ondo pasatzea… horixe da garrantzitsuena”, ziurtatu du.
Iaz lortutako arrakasta ez zuten espero antolatzaileek. “Ez gaude partehartzailearen kopuruaz bakarrik ari. Ez genuen zerbait folklorikoa izatea nahi, zerbait mekanikoa. Dantzan egiteko jendea egongo zela bagenekien, baina guk zerbait espontaneoa izatea nahi genuen”. Nahia egia bilakatu zen. Eta, aurten, lortutakoari eusten, inauteri jaiarekin batera, beste ekimen bi antolatu dituzte. Atzo webgune honetan jakinarazi genuen bezala, asteazken honetan, Eibarreko inauteri herrikoia berreskuratzeko egindako lanari buruz hitzaldia emango du Eibarreko Kezka dantza taldeko Oier Araolazak. 19.30tan Trapagarango Olaso Jauregian. Martxoaren 3an, berriz, Carrascoliendas-eko errepikapena antolatu dute, era ezin hobean: Fredi Paia eta Beñat Ugartetxea bertsolariekin, bertso afari batean.
|